XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Potzu izoztuaren uhaldera heldu ziren.

Ondorengo hamar segundutan dena oso azkar gertatu zen eta ez zen bizitza hura salbatzerik izan.

Ehiztariek oihu egin ziguten, otsoarengandik apartatzeko esanaz, eta eztarriek ez zieten bere belarriei gure lasaitzeko eta ez tiratzeko hitzik entzuten utzi.

Ehiztariak beti hain entzungogor maitasunaren eskaerei.

Eskupetak jaso zituzten.

Otsoak ihesari heldu zion.

Orduan Alexander potzu izoztuaren erdialdera joan zen, besoak zabalduta, otsoaren ihesa gordeaz adiunez.

Otsoari zegokion heriotz mokadua jan aginik egon zen Alexander, baina bere destinoa hurrengo lerroan zegoen idatzia.

Postariak oihu egin zuen.

Ehiztariek eskupetak jaitsi eta biraoka ekin zioten eta lasterkan hasi ziren potzu ertzetik arrapataka.

Otsoa basoan ezkutatzen ikusi genuen.

Une hartan potzuko izotz guztia armindu egin zen.

Botila erraldoi bat erditik hausten sentitu genuen.

Errota martxan jarri zuen nagusiak konporta irekiz, potzu gainean gertatzen ari zenaren ezjakin.

Izotz azpiko ura errekara abiatu zen, lozorrotik esnaturiko pizti baten indar basaz.

Izotza aidean gelditu zen.

Gu bere gainean.

Ehiztariak larritu egin ziren guri begira.

Gu izutu oinetara begira.

- Irten kanpora Jaungoikoaren izenean!- agindu zigun postariak gure zalantza kolpean hautsiaz.

Ni lau saltotan heldu nintzen ertzera, izotzaren ulu lotsorra oinazpian sentituz.

Alexander erdian zegoen.

Neregana abiatu zen, begiradan angustia eta erregua nahasturik.

Bi metro falta zitzaizkion baina izotz indargeak ez zuen gehiago agoantatu.

Potzu guztia zatikatu egin zen eta Alexanderri lurra desagertu egin zitzaion oin azpitan.

Eskua luzatu nion baina ez nuen nere lagunik onena eta bere destinoan artetzerik lortu (...).